XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hain arazo estrainoa da, euskaldunentzat, Praga urrutikoan, poliziaren bijilantziak, Estatuaren guziahalmenak, beldurrak, mixeriak, bakardadeak, lan piska bat erregutzen leihatilaz leihatila eskale ibili beharrak, humilatu eta hautsi eta barrutik hustu duen gizonaren kasua, idealik gabe eta adiskide gabe, normaltasun anonimoenaren espazio txiki batetan errefuxiatu dena bere emaztearekin, bizi egin nahita?.

Nik Pragako Udaberri hartan ezagutu nuen.

Ilusioz eta farrez beteta.

Poza zerion eta seguru zegoen Txekoslobakiak laster bide berri bat argituko ziola munduari.

Orduan bere entusiasmoa kontajiatu zigun.

Festa bat zen gizon hura.

Oso beste gizona zen oraingoa.

Pentsatu, lehen bezalatsu pentsatzen zuen.

Baina nekatuegi zegoen.

Ez zuen nahi konplikaziorik, bizi egin nahi zuen.

Ez dauka sentidorik.

Nik ez dut balio heroismorik inori eskatzeko.

Triste nengoen.

Baina ni, behialako lankideentzat mendebaletik pornografia lortuz errehabilitatu ahal izan duen gizona juzkatzeko, ez naiz kapaz sentitzen.

Komunista izana.

Aita nazien kontra erresistentzian galdua.

Ez zen txaketero natura bat, ez.

Kemenez eta planez beteta ezagutu nuen, sozialismo gizatiar bat nola eraiki.

Ideiaz beteta.

Benetan sinesten zuen libertatean.

Irribarre triste batekin kontatzen zuen orain, ez dakit konprentsio piska bat erregutuz, bere mixeria.

Ezer barkatu gabe kontatzen zuen noraino makurtu eta humilatu zen.

Umekeriak, askotan.

Egin behar izan zuen dena, berriro gizon bat izateko: lanbide batekin, kolega batzuekin, horario batekin etxetik lanera eta gabean etxera ibiltzeko, madarikatu izu bat izan gabe, zuloan desesperatuta.

Asko kosta zitzaion konsegitzea eta orain ez zuen nahi berriro galdu, gizon normal bat izatea.

Historio hau neuk ezagutua da.

Denborarekin Estatuak aldatu egiten dira.

Diktaturak demokrazia bihurtzen dira.

Tanke azpian zimeltzen da udaberri politikoa.

Stalinismoa hil egiten da eta berpiztu egiten da.

Ni alemanekin hemen nengoen, gero beti hemen egon naiz eta zure ondoren ere hemen jarraituko dut, erantzun omen zion nire adiskideari maltratzen zuen gartzelazainak, protestatu nahi izan zuenean.

Jendea, kanbio bakoitzaren ondoren, saguak bezala ateratzen da zulo guzietatik eta bakoitza bere negoziotxoaren bila hasten da.